Emozioen bidaia

0

Hika antzerki taldearen Koadernoa zuri antzezlana Euskal Herriko antzokietan dabil eta laster berrogei emanaldi inguru egingo dituzte. Amaren heriotza eta gero, orainari eta iraganari aurre egin beharko dioten bi alaben istorioa kontatzen da obran.

Eszenatokia ilun dago, aurrealdeko ezker ertzean ama ageri da, goitik behera beltzez jantzita, eta atzealdeko ertzetan alaba bana dago. Ama, kopetilun, leiho berde argitsura inguratu da eta itxi egin du, trumoi eta tximista soinu artean. Hori da obraren hasiera, ikuslea adi ipini eta besaulkiari iltzatuta uzten duena, deskubritzeko asko duela ohartzen baita lehen unetik bertatik.

Lehen eszenaren antzezpenaren aurretik sortze prozesua izaten da, ordea, eta obraren benetako abiapuntua Federico García Lorcaren Bernarda Alba antzezlana izan da. “Baserriko umea naiz eta giro hori ez zitzaidan hain urrutikoa egin. Emakumeen istorio bat da eta ez daude hainbeste istorio lehengo emakumeei buruz idatzita eta ondo zuzenduak. Beti izan dut gogoa eta orain dela hiru urte hasi nintzen lanean, baina bai Arantxa Iturbek eta bai lankideek esaten zidaten produkzio handia zela”, azaldu du Agurtzane Intxaurraga obraren idazle, zuzendari eta aktoreak. Alabaina, Intxaurragak ez zuen ilusio hura baztertu, laster konturatu baitziren ez zutela urrutira joan beharrik antzeko istorioen bila: “Arantxak berak esan zidan: zergatik ez dugu egiten gure istorioa? Pentsatu nuen arrazoi zeukala, ez genuela Andaluziara joan beharrik Bernarda Alba bat topatzera. Euskal Herrian zenbat Bernarda egon diren garai batean! Eta oraindik ere egon litezke, ez erlijioarekin horrenbeste lotuta baina bai ama zikiratzaileak, kontrolatzaileak. Istorio bat geneukala pentsatu genuen eta elementuen bilaketan hasi ginen, istorio hori benetan geurea izateko”.

Gidoia Arantxa Iturbek eta biek egin dute, lehen ere arituak batira elkarrekin antzezlanak idazten: “Normalean berak belarriak jartzen ditu eta nik begiak; dramaturgia bide guztia nik egiten dut eta bera doa bide horretan hitzak jartzen. Oso ondo uztartzen dugu, urte asko daramagu eta konplizitate handia dugu. Gainera, badakigu batak eta besteak zer nahi dugun. Tandem polita osatu genuen eta hor mantentzen dugu”, esan du.

Intxaurragak, besteak beste, ama alargun zorrotzaren papera du, alaben bizimoduan eragin handia duena. “Gizarte matxista baten ondorioa da. Emakume hori horretarako dago hezia, ez diote erakutsi maitatzen, baizik eta berak obligaziotzat hartuko luke ezkondu, alabarik izan eta alabak izanda, gainera, bide zuzenetik eramatea. Ez du esan nahi ez dituela maite baina edozein maitasunek ez du balio, maitasun guztiak ez dira onak. Batzuk oso mingarriak dira eta kasu honetan hori da agertzen zaiona ama honi bere alabekin, min handia egiten die azkenean. Ez du nahita egiten, zeren berak sufritzen du. Nik ez dut nahi emakume hori gaiztotzat hartzea, biktima bat da. Berari ez diote erakutsi besarkatzen, musu bat ematen… Hori Euskal Herrian asko gertatu da, jende hotza gara. Orain kalean ikus daitezke gaztetxoak elkar besarkatzen eta musuak ematen, oso mundu globalizatua da hori, ez da izan nire mundua”, nabarmendu du zuzendariak.

Amaren pertsonaia dramaturgiari lotu samarra izanik ere, errealitatetik ere asko duela iruditzen zaio Intxaurragari: “Egia da ama hori oso teatrala dela beste pertsonaien aldean, baina horrelako amak egon daitezke, noski. Ez da asko agertzen baina uste dut funtzionatzen duela, zeren eta ematen dio iruditegi bat istorioari eta mundu ilun bat. Jende askori ekarri dio atzera buelta bat iraganera. ama garenok hortik aldentzen saiatu gara orain”.

Eszenatokian askorik agertzen ez den amarekin batera, bi alabak dira antzezlanaren ardatza. Miren Gojenola aktorea alaba zaharrena da, Begoña, amarengandik ihesi Afrikara alde egin zuena; Itziar Ituño, berriz, Arrate, ezkondu, seme-alabak izan eta amaren ondoan geratu dena. Biek amaren etxean egin dute topo, haren heriotzaren ondoren. “Askatu egin nahi dute eta ezin dute. Horregatik, elkar ikusten dutenean 25 urteren ondoren, zilbor-heste horretatik askatzeko dira egin behar dute, aurre egin horri. Ama hausturaren arrazoia da, ez bien arteko zubia. Urte horietako haustura eszenatokian eraikiko da eta bertan etxea eta ohea daukagu, amaren presentzia. Batek hartu zuen borrokaren bidea eta besteak obedientziarena, batek ihes egin du eta bestea ezin da etxetik atera, amaren ondoan dago, iruditzen zaiolako hori dela bidea bere maitasuna lortzeko. Nortasun kontua da. une batean esaten du Arratek, aitak kontatu ziola munduan bi pertsona talde daudela, ausartak eta koldarrak, eta eurak biak bigarren taldean zeudela. Ama eta Begoña beste taldekoak dira. Horrela da askotan, naturak markatzen du nolakoa zaren. Nahiz eta nahi duzuna aldatu edo ikasi, izateko modu bat daukagu”.

Istorioa bera ez da modu linealean kontatzen eta, beraz, ikusleak arretaz jarraitu behar du, puzzlea osatu ahal izateko: “Eszenatokian agertzen den etxea bilgunea da baina etxe horretan sekretu asko gordetzen dira. Bakoitzak du etxe horretan egoteko arrazoi bat, inork ez dakiena, ezta publikoak ere, eta publikoa joango da hori lotzen. Nahita egin dugu, jendea aktibo egoteko, hausnartzeko”.

Sakontasuna eta umorea
Gai serioak lantzen dira istorioan, abortuarena besteak beste: “Bernardarena abiapuntua zen baina argi geneukan horren inguruan beste gauza asko kontatu nahi genituela, itxurakeriak zer ekartzen duen. Azken batean, begira zein tristea den Arrateren bizimodua: medikua da amak hori nahi zuelako, ezkondu egin da gizarteak hori eskatu diolako, alabak izan ditu eta zoriontsua da bere alabekin, eta gizona oso pertsona ona iruditzen zaio baina barren-barrenean ez dago berarekin maiteminduta”.

Halaber, drama umorearekin uztartzen da eta arnasa ematen dio ikusleak bizi duen estutasunari. Eszenografia eta musikaren bidez irudikatzen den Afrikako giroak alaitasuna eransten dio kontakizunari eta Arrate medikuak Miren Gojenolak antzeztutako bi pazienteekin dituen eszenek algara eragiten dute ikusleengan. “Oso polita da ikustea publikoak aldi berean egiten duen bidaia emozional hori eta eskertzen du jendeak umore tarte horiek egotea. Umorea ez dago umoreagatik sartuta, funtzio bat du. Batak senarraren sindromea dauka, ez daki zer egin jubilatuko den senarrarekin eta Arrateri gauza bera gertatzen zaio Begoñarekin, bera gabe bizitzen ohitu da eta ez daki nola jokatu. Beste pazientearena da minarena irudikatzeko, Arrate bizitzen ari dena edo Begoñak bizi izan zuena bere momentuan. Zer da garrantzitsuagoa, min fisikoa edo psikologikoa? Zerk ematen du min handiagoa? Biek laguntzen diote Arrateren pertsonaiari, apropos jarrita daude Arrateri laguntzeko bere bidaia pertsonala egiten”.

Emakumeen bizipenak, gizarteari kontatuak
Antzezlanaren muinean emakumeak daude eta euren begiradatik kontatua dago guztia. Ohikoa bihurtzen ari da hori Intxaurragaren eta Iturberen lanean. “Niretzat normala da emakumeontzat idaztea eta pentsatzea. Gainera, uste dut jarraitu egin behar dugula horretan. Proiektua aurkeztera joan ginenean, programatzaile batek hauxe erantzun zion lankideari: hiru emakume eszenatokian berriro, a zer nagia! Horrela jarraitzen dugu oraindik”, aipatu du etsipenez.

Gizonezkoak protagonista diren obretan ere gizarteak emakumeekiko dituen aurreiritziak eta estereotipoak astintzen saiatzen dira. Aitarekin bidaian antzezlanean, esaterako, Jose Ramon Soroiz, Joseba Apaolaza eta Javier Muguruza ziren aktoreak eta zaintzaren gaia jorratzen zen bertan. “Hala esaten zidaten: nolata hiru gizonezko? Emakumeak gara pertsonak zaintzen ditugunak! Apropos dago jarrita, kontatzeko zaintza eta sentimenduak ez direla emakumeen kontua”. Intxaurragak aitortu du gizonezkoen antzezlanak saltzea “errazagoa” izaten dela eta “ohituta gaudela, baita emakumeok ere, gizonezkoei balore gehiago ematen”.

Obraren gaiak ere baldintzatzen du ikusleen artean dagoen gizon kopurua. “Zorionez gizon asko ari dira etortzen antzezlan honetara, eta gazteak ere bai. Baina Hitzak antzezlanean tratu txarren gaia jorratu genuen eta publikoaren %80 emakumezkoa izaten zen beti. Horrek ezin du horrela izan, gizonak baitira emakumeak hiltzen dituztenak. Guk ezagutzen dugu ondo istorio hori eta borroka pertsonala izan nuen, handia, eszenatokian. Emakumeek eskerrak ematen zizkidaten baina nik gizartearentzat egin nuen, mundu guztiarentzat. Hemen, aldiz, askoz gizon gehiago datoz, parekatua ikusten dut eta oso pozik nago. Batzuek esan didate oso emakumeen istorioak direla; noski, haurdun gu geratzen gara, abortuak guk bizi izan ditugu baina horrek ez du esan nahi gizartearen arazoa ez denik. Emakume zikiratzaileak gu izan gara baina gizon zikiratzaileak ere asko izan dira”, adierazi du Intxaurragak.

Prestaketa prozesua jendaurrean
Hika antzerki taldekoek Hernaniko Udalari antzerki lanaren prestaketa jendaurrean egitea proposatu zioten eta herriko aldizkarian deialdia egin zen bertan parte hartzeko. Zortzi laguneko komunitatea osatu zuten eta euren aurrean egin zituzten entseguak hilean behin, guztira bost aldiz, lehen irakurketatik hasita. Oso balorazio positiboa egin zuten, bai antzerki taldeko kideek eta baita parte-hartzaileek ere. “Lehenengo aldia izan da guretzat eta oso esperientzia ona izan da. Entseguetan ordu eta erdi inguru uzten genuen beraiekin solasean aritzeko eta oso iritzi garrantzitsuak jaso genituen, interesgarria izan zen. Hasiera batean urduri geunden, aktoreok ere emaitza erakusten baikaude ohituak. Zu sormen lanean ari zarenean edo zuzendari modura ez direnean gauzak ateratzen, biluzik sentitzen zara. Aldi berean, horrek ere lagundu zigun konfiantzaz iristen, testatua zegoelako”.

Horrez gain, prozesu honek obra jende gehiagorengana iristeko balio izan duela uste du Intxaurragak. “Obra beraiena sentitu zuten, beraien zati bat han zegoela eta estreinaldian oso hunkituak zeuden. Bada modu bat publikoa egiteko, zeren Hernanin bazegoen jakin-mina. Ahoz aho zabaldu zen eta sarrerak agortu egin ziren. Horrelako prozesuak interesa pizten du, baita herriarekin lotura sortu ere”.

Antzerkia eta liburua, gozatzeko bi bide
Istorio honen ibilbidea ez da antzerki obraren emanaldietan amaituko, Arantxa Iturbek izen bereko liburua kaleratu baitu. Elkarreko editore den Xabier Mendigurenek hordagoa bota zion eta Iturbek baizekoa eman zion erronkari, zer kontatua zegoela iruditu baitzitzaion.

Beraz, antzokiko edo etxeko besaulkian eserita, gozatzeko bi modu izango ditugu aukeran, emozioen bidaia ziurtatzen duen istorio honekin.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu