J. Agirre: «Elgetak badu zerbait, eta zerbait hori da ez zela inongoa»

0

Jazinto Rivasen bizitzan oinarrituta idatzi zuen Joxean Agirrek Elgeta eleberria 1996an. 111 Akademiaren berrargitalpenaren harira, maisuen maisu izan zen trikitilari horren bizitzaren inguruan luze eta zabal aritu zen Donostian egindako aurkezpenean.

 

1990. urte inguruan, Egin egunkarian lanean ari zela, Jazinto Rivas trikitilariari, Elgeta ezizenez ezagun zenari buruzko erreportaje luzea idatzi zuen Joxean Agirrek, eta erreportaje huraxe dago liburu honen atzean. “Halako maitemin, lilura edo harridura moduko bat sentitu nuen gizon honekiko”, azaldu zuen Joxean Agirrek liburuaren berrargitalpenaren harira Donostian egindako aurkezpenean. “Esteban Larrañagarekin hitz egin nuen, baita Sakabi, Laja eta Maltzetarekin ere, eta atera nuen irudia, nobelan zehar erabili nuena zen Elgeta sustrairik ez zuen gizona zela, ez federik, ez kredorik. Sozialistekin egin zuen gerra Eibarrekin lotura handia zuelako, ez zuen familiarik, eta okerrena da bizitokirik ere ez zuela”. Gerra ondoren baserriz baserri trikitixa klaseak ematen hasi zen Elgeta, eta Agirreren kalkuluen arabera hamabost-bat urte ibiliko zen horrela, gainbehera edo erorialdia izan zuen arte.

Harreman sentimental finkorik ere ez diogu ezagutzen Elgetari, Mikaela Zunzunegi izeneko Urretxuko neska batekin izan zuena salbu. “Panderoa jotzen laguntzen zion Mikaelak, eta badirudi bikote egin zirela”, dio Joxean Agirrek. “Sakabiri kontatzen omen zion elkarrekin ibiltzen zirela igande arratsaldeetan libre zutenean. Baina iritsi zen momentu bat non Mikaelak esan zion prest zegoela berarekin ezkontzeko baldin eta lanean normal hasten baldin bazen, ofizio normal bat hartzen bazuen, alegia. Garai hartan trikitilari guztiak ofiziodunak ziren, trikitixa afizio bat zen. Elgeta, ordea, konbentzituta zegoen trikitilari profesionalen aitzindaria-edo zela, eta ezetz esan zion Mikaelari. Neskak Donostiara alde egin zuen, hor bukatu zen beren harremana eta, Sakabik-eta kontatzen dutenez, hortxe hasi zen bere gainbehera”. 1964an hil zen, 60 urte betetzeko zituela.

Sustrairik gabeko gizona

Joxean Agirreren arabera Jazinto Rivasek Donostian zituen guraso biologikoak baina, kontu korapilatsu baten ondoren, adopzioan bukatu zuen Intxuzabalen. Bergarako Angiozarren dagoen baserria da Intxuzabal, baina Elgetatik gertuago zegoelako deitzen zioten Elgeta. Oso gazterik Eibarrera bueltaka hasi zen. Soinua jotzen Sagastumerekin ikasi zuen, Eibarren hasi zen lanean eta gerra ere Eibarko jendearekin egin zuen. “Alegia, sustrai falta hori nahiko nabarmena da, eta bizitzeko leku finkorik ez izate horrek badirudi eragin izugarria izan zuela gainbehera hartan”, dio Agirrek. “Sakabik eskaini omen zion bere etxea baina ez zuen onartu. Donostiara joan zen eta bertan soinua jo eta eskale gisa ibili zen: Baserri izeneko tabernan askotan jotzen omen zuen, bagoi batean lo egiten ote zuen… Bere ikasleek aipatzen dute Tolosako miserikordiara erretiratzen zela, baita Zorroagara ere… Zorroagan hil zen, hori garbi dago”.

Ez uzteagatik, ez omen zuen diskorik ere utzi. Garai hartan diskoak grabatzen ziren, gerra aurretik hasi baitzen diskoen grabaketa, halamoduzko grabazioak baziren ere. “Elgetak ez zuen ezer utzi. Gelditzen zen zinta grabatu bakarra Andoaingo Pepe Yancik Baserri tabernaren goikaldean grabatutakoa da. Lauzpabost pieza dira”. Idazten ari zela askotan entzuten omen zituen Joxean Agirrek, eta gizon nekatu baten jotzeko modua iruditu omen zitzaion. “Iker Goenaga etorri zen arte. Haren arabera, pieza horietako batean bost edo sei aldiz aldatzen zuen tonuz eta beste batean sekulako inprobisazioak egiten zituen”, kontatzen du Joxeanek.

Elgeta asmatua, ezaugarri erreal askorekin

Hala, soinuari helduta bakarrik bizi zen gizonaren irudia zeukan buruan Joxean Agirrek, beste heldulekurik ez zuena, eta mirespen izugarri horrekin hasi zen idazten. Baina nobela aurrera joan ahala konturatu omen zen soinuarekin bakarrik ezin dela bizi, maitasunak ere helduleku izan behar zuela. “Beraz, asmatua den Elgeta da nobelakoa, ezaugarri erreal askorekin”. Protagonista femeninoa, berriz, Teresa, neurri batean Mikaela Zunzunegiren historian inspiratuta dagoela azaldu zuen Agirrek, baina erabat asmatua dela. “Genero beltzaren ukitu bat nola daukan nobelak, bizitza xumetik kanpora bizitza fuerteagoak asmatzera behartzen zaitu, pasioak sartu behar dira, bakardadea, leku hitsak, dekadentzia…”. Badago erromeria giro dekadente bat nobela honetan, Antiguoko taberna batean kokatzen dira eszena asko, oso iluna den tokian, bonbila soil batzuekin….; horiek ere generoaren kontua direla dio egileak. “Narratzaileak etengabe bakardadeaz, patuaz, maitasunaz botatzen dituen esaldi borobil horiek sekulako barregurea ematen didate orain. Baina genero kontuak dira”.

Teresaren pertsonaia erabat asmatua dela garbi utzita, beraz, eleberria pasarte asmatu batekin hasten da. “Nobela bat arrankatzeko mila helduleku dauzka Elgetaren bizitzak, baina ikusten nuen polita izan zitekeela ez familiarik, ez maitasunik, ez bizilekurik izan ez, eta hiltzen denean lurperatzeko ere lekurik ez duen gizon baten irudiarekin hastea. Hori zen garai hartan neukan fikzioa. Bere ikasleek bizkarrean hartuta daramate Elgetaren hilkutxa herriz herri, herri txiki batzuetan barrena, lur emango dion apaiz errukior baten bila. Hori gezurra da. Elgeta Zorroagan hil zen eta Polloen emango zioten lur seguru asko; Donostian, behintzat. Baina kontua da irudi hori oso ederra iruditu zitzaidala nobelari hasiera emateko. Hala, Aizarnara daramate Elgetaren hilotza eta han apaiz gazte bat aurkitzen dute, bere azken sotana utzi eta seglar bihurtzekotan dena. Protagonista femeninoa ere agertzen da eszenan, Teresa. Nobela beltzetan ohi denez oso ederra da, gauez lan egiten duten emakumeen halako edertasun morbido bat daukana. Hori ere ez da erreala”.

Maisuen maisu

Elgeta baserritik kalera datorren trikitixa horren profeta, iragarle izan zela uste du Joxean Agirrek. “Bere ikasleei zera esaten omen zien: ‘Zuek egunen batean karneta izango duzue’. Sakabi eta gainerakoei karnetaren kontu hori zer den galdetu eta ez dute oso ondo azaltzen, baina badirudi musiko profesionalen karneta izatea esan nahi zuela. Elgetaren ondorengo trikitilarien belaunaldi hori da urrezko aroa Gipuzkoan”. Bizkaiko parte batera ere iritsi zela dio Agirrek, baina bereziki Gipuzkoan izan zuela eragina. “Gipuzkoako trikitilariengan erabateko eragina izan zuen ez bakarrik euren maisua izan zelako, baita errepertorio izugarri bat utzi zuelako ere. Gaur egun Laja eta hauek ‘pieza hau Elgetarena da’ esango dute, eta jo egiten dute. Beti pentsatu izan dut artista batentzat munduko gauzarik ederrena izan behar duela ez diskorik eta ez ezer utzi eta, hala ere, bere obrak beste ikasle batzuen soinuetan entzuteko aukera izatea”.

Joxean Agirrek dio Elgetarekin bezalaxe egin litekeela nobela bat Mauriziarekin edo Eleuterio Tapiarekin, baina Jazinto Rivasek bazuela zerbait, eta zerbait hori etxerik ez izatea dela, bizitzeko lekurik ez izatea, eta hori “izugarri modernoa” iruditzen zaiola dio. “Beharbada jazzaren munduan bakarrik daude horrelakoak, urtean 300 kontzertu ematen dituztenak, eta azkenerako non dabiltzan ere oso garbi ez dutenak, zein herritan dauden. Bere neurrian kosmopolita zen Elgeta, ez zen inongoa. Bada bere ikasle guztiek aipatzen duten pasarte bat. Gerra aurretik Eibarko klub txiki batean soinua jotzen aritzen omen zen, Eibar errepublikazalea eta kosmpolita zen garaian. Eta halako toki batean ez zituen, seguru asko, arin-arinak joko. Beraz, horrek esan nahi du garai hartarako bazuela dantza loturako errepertorioa, gerra aurretik, eta, hortaz, gerra ondoren errepertorio hori izugarria izango zela”.

Sentipen gazi-gozoa

irakurri duenean sentipen arraroa izan omen du Joxean Agirrek. Alde batetik, orain kapitulu txiki pare bat kenduko omen lituzke. “Narratzailea dantzaren inguruko erreportaje bat egiten ari den argazkilaria da. Dantzari buruzko hausnarketa asko daude nobelan. Pentsa niretzat momentu hartan zein garrantzitsua zen dantzaren kontu hori, Azpeitiko ikastolak antolatutako dantza ikastaro batean eman bainuen izena. Hemezortzi andra eta ni geunden, eta emaitzak desastrosoak izan ziren. Baina nobela idatzi nuen garaian zein trantzetan nengoen ikusteko adierazgarria da ikastaroaren kontu hori. Dantzari on baten lebitazio horiek ulertu nahi nituen. Narratzailea den argazkilari horrek ia-ia lurra ukitu gabe dantzan dabiltzan emakumeak ikusten ditu. Teresa bera ere dantzari ikusgarria da: Elgetak beti bere tekladuaren kontra jarrita dauka burua, eta Teresaren zangoan ikusteko bakarrik irekitzen ditu begiak, dantzan nola egiten duen ikusteko. Topiko pila bat ditu eleberriak, baina ederrak, ilunak”.

Bestetik, estiloari dagokionez, kapitulu pare bat eta azken aldera dauden erorialdi handi batzuk kenduta, estilo landua dela uste du, orain pixka bat esajeratua iruditzen zaion arren. “Oso landua dela uste dut, musika pieza batean bezala dena oso landuta dagoela. Geza edo mikatza izan da, uste bainuen hogei urte pasa eta gero orain dena berria egiten ari nintzela, eta ohartu naiz orain erabiltzen ditudan esaldi batzuk nobela horretan ere idatzi nituela. Bada tristea hogei urte pasatu eta pertsona kapaz ez izatea zenbait gauza ahaztu eta berriak sortzeko. Alegia, inpresioa da ez dudala ezer aurreratu, eta amorru pixka bat ematen dit horrek”.

 

111 Akademia bilduma

1996an Manuel Larramendi Kultur Bazkunak Beterriko Liburua ohorezko literatur aipamena abian jarri zuenetik hogei izan dira ohorezko sari edo aipamen hori jaso duten obrak, 2011. urtera arte Beterriko Liburua izenarekin eta, geroztik, 111 Akademiaren liburua izenarekin. Hogei urte horietan literatur uzta bikaina osatu du 111 Akademiak sari honen bidez, eta orain bere izena daraman bilduman jaso nahi luke osorik uzta hori.

“Lehenengo urtean saritutako Joxean Agirreren Elgeta eleberriarekin eman diogu hasiera bildumari”, azaldu zuen aurkezpenean Jon Unanuek, Larramendi Bazkuneko lehendakariak. 400 alek osatzen dute Joxean Agirreren eleberriaren argitarapena, baina gehiagoren eskaera balego argitarapena zabaltzeko arazorik ez dutela gaineratu zuen Unanuek. “Irakurleen saria jaso duten obra hauekin antologia moduko bat osatzea da bilduma honen helburuetako bat. Akademiakideengana bideratu dugu lehen-lehenik, eta literaturazaleengana segidan; baita liburua paperean gozatzen jarraitu nahi duten horiengana ere”. Obra sarituen bilduma osatzen hasi nahi duten literaturazaleek 111 Akademiaren web gunean soilik eskuratu ahal izango dute Joxean Agirreren eleberria.

Akademiako arduradunen arabera, Joxean Agirreren Elgeta nobelarekin martxan jarri duten bilduma honek 2017an izango du jarraipena. “Bildumako bigarren liburua 1997ko Beterriko Liburua literatur aipamena jaso zuen Ur Apalategiren Gauak eta hiriak lana izatea aurreikusten dugu”, aurreratu zuen Jon Unanuek. “Pixkanaka, unean uneko baldintzek horretarako aukerarik ematen badigute behintzat, irakurleen saria jaso duten obrak berrargitaratu eta bilduma osatzen joatea da gure helburua”.

Web gunean salgai

111 Akademiak 20 eurotan jarri du salgai Joxean Agirreren Elgeta. Erosi nahi duenak www.111akademia. com web gunera jo dezake edo zuzenean akademia@111akademia.com helbide elektronikora idatz dezake.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu