Juan Garzia Garmendia: “Egitea da kontua, garrantzi ikaragarria balu bezala”

0

Shakespeareren aurkikuntza kasualitatea izan omen zen Juan Garzia Garmendiarentzat (Legazpi, 1955), eta jolas moduan hasi zen sonetoak itzultzen. Hala hasitako hartu-eman hura egilearekiko erlazio pribilejiatu bihurtu zaio eta tratu horren emaitza dira, besteak beste,Sonetoak.

“Abdukzio bat izan zen”, hala deskribatzen du Juan Garzia Garmendia itzultzaileak Shakespeare-rekiko bere harremana. Duela hogei urte plazaratu zituen haren Soneto hautatuak. Orain, Mikel Laboa Katedraren, Olaso Dorrea Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz soneto guztiak ekarri ditu euskarara, edizio elebidunean. Koldobika Jauregiren arte-lanez jantzia da argitalpena eta bi CDrekin batera eman du argitara Aztarna etxeak: batean, dozenaka lagun ezagunek ahotsa jarri diete sonetoei (idazle, itzultzaile, artista, bertsolariak tartean), eta bestean, Joxean Goikoetxeak kantu bihurtutako sonetoak daude entzungai, euskal kantari ezagunen ahotsetan.

Poesia-irakurle “eskasa” izan dela aitortu digu legazpiarrak, eta ez dela sekula irakurle sistematikoa izan. Poesia, gozoa bezala, neurrian du gustuko eta areago espero ez dela aurkitzen denean. Abantailak ere baditu irakurle ez-sistematikoa izateak, Garziak dioenez, “aurkikuntza gehiago” egiteko aukera izaten baitu halako literaturzaleak. Shakespeareren aurkikuntza, esaterako, “kasualitatea” izan zen itzultzailearentzat. “Jolas baten moduan hasi nintzen sonetoak itzultzen” dio Garziak. Duela bi hamarkada Inazio Mujikari erakutsi omen zion itzulitako sonetoetako bat, ingelesezko jatorrizkoaren ondoan, eta hark euskarazkoa Garziaren originaltzat hartu omen zuen. Shakespeareren itzulpena zela jakindakoan, sorta bat itzuliz gero argitaratuko ziola esan omen zion.

Jolas gisa eta kasualitatez hasitako hartu-eman hura egilearekiko erlazio pribilegiatu bihurtu zaio itzultzaileari: “Ez dago horretatik bizitzerik, baina horrela bizitzerik bai, idazlearekin halako tratu gertu-gertukoa izanda”. Tratu horren emaitza dira, sonetoez gain, Garziak euskaratutako Hamlet (Literatura Unibertsala-Ibaizabal, 2002) eta Uda-gau bateko ametsa(Donostia 2016-EIZIE). Zergatik, baina, halako lilura Shakespearerekiko? Harold Bloomek idazle ingelesaz esandakoa aipatu diogu Garziari: Shakespeare beti dagoela irakurlea baino pixka bat gorago, metaforikoki eta kontzeptualki. Konforme dago Garzia baieztapenarekin, nahiz ez duen maite Bloomen hiperbolerako, gehiegikeriarako joera. Nahiago du, aukeran, Borgesek Hamlet-en egileaz emandako definizioa: “gizon guztiak izan zen gizona”. “Shakespeare non dago? Bere pertsonaiak dira. Hamlet ere halakoa da. Pentsatzen duzunean hemen nagoela, zatozenean dagoeneko ez nago hemen.”

Maitasunaren paleta
Maitasuna da Shakespeare-ren sonetoen gai nagusia, forma eta jite askotakoa. “Maitasun mota ugari dago, sexualetik platonikoeneraino. Paleta handi bat dago, baina barnean sentimendu berdintsua dago: erakarmen bat, eta bestearekiko proiekzioa. Horregatik funtzionatzen dute edozein interpretaziotan.” Askotarikoak dira, izan ere, sonetoen inguruko interpretazioak, literalenetik hasita psikoanalitikoraino. Interpretazio frankotan, eztabaidatua izan da nor ote zen Shakespearek sonetoak eskaini zizkion“W. H. jauna”, eta jaun gazte argi bati eskaintzen dizkion maitasun sonetoak gizonen arteko maitasun gisa irakurri behar ote diren. Ez du hor arazo handirik ikusten Garziak: “hori izaten da eztabaidatuena, baina ez diot zailtasun berezirik ikusten. Bere erreferentziak, baita antzerkian ere, erromatarrak eta greziarrak ziren. Tradizio hori Melvillerenganaino iristen da, gazte ederraren loriatze hori. Maitasun platonikoa da, beste ezer ukatu gabe. Platoniko, garai hartako zentzuan.” Ingelesezko “love” hitzak,  gainera, “ez du konprometitzen”. “Fikzioaren barruan, sentimendu horretan instalatzen da, kanpoan zer dagoen alde batera utzita. Funtzionatzen du mundu guztiak daukalako sentimendu hori, generoak-eta alde batera utzita.”

Eztabaidatu izan da, halaber, soneto hauen hurrenkera egokiena zein ote den, nork ordenatu zituen eta hurrenkera aldatzeko proposamenak ere egin izan dira: “Nire ustez ordenatuta daude tematikoki. Badago hari narratibo bat: amodioaren prozesua, amodioaren aldarteen bilakabidea azaltzen da. Saiatu izan dira ordena aldatzen baina oso zaila da. Gero eta garbiago geratu zitzaidan itzuli ahala.” Soneto hautatuak argitaratu zituenean ez bezala, edizio honetan soneto bakoitzari iruzkin bana gehitu die Garziak, eta bereziki ahalegindu da sonetoen arteko hari hori azaltzen: “irakurlea eskutik eramatea, ahalik eta gehien erraztea izan da iruzkinen helburua. Sonetoen arteko hariak eta urrun geratzen diren erreferentziak azaltzea. Iruzkin batzuk linguistikoagoak dira, baina gehienak testuan sartzen laguntzeko dira, sarbide hori errazteko.”

Itzulpen definitiboa
1995ean argitaratutako hautapenean ez zeuden hainbat soneto itzuli ditu oraingoan Garziak, baina orduan itzulitako hainbat poema berrikusi eta zuzendu ere egin ditu : “Batetik, hanka-sartze batzuk zeuden, irakurketan, interpretazioan… Kasu batzuetan neurria herrena zegoen. Errima batzuk beteagoak ziren, eta ez nuen hala egin nahi. Errima minimoa izatea nahi nuen, presentzia handirik izan ez zezan, hain bertsolaristikoa ez egiteko, nahiz bertsogintzan eta kantu zaharretan erabiltzen den errima erabili. Batzuk propio arindu ditut, hain borobilak izan ez zitezen.”

Interpretazioaren aldetik ere berrikusi ditu hainbat alderdi: “Vendler-en liburua [The Art of Shakespeare’s Sonnets] oso berandu hartu nuen, hamabigarren berrikusaldian, baina hartu nuenean, funtsezkoa izan zen. Soneto bakoitzaren azterketa egiten du, eta hor azaltzen dira enblemak, fonetika zaharreko beste paralelismo batzuk… Gauza pila bat. Aurretik egindako edizio kritikoen gainean eginda dago, gehiago sakonduz. Hori irakurtzen hasi nintzenean, ikaratuta nengoen.” Hala ere, espero baino hanka-sartze gutxiago topatu ditu alde horretatik Garziak bere itzulpenetan eta oraingoa azken bertsioa dela ziurtatu digu: “bai, definitiboa da. Ikusi ditut, eta lasai geratu naiz. Liburu guztietan ikusten dituzu hanka-sartzeak, baina ikusi ditudanak ez daude sonetoetan, iruzkinetan eta tipografian baizik.” Hala ere, itzulpen guztiak definizioz hobetu litezkeela gogoan du: “perfekzioa ez da existitzen eta faxista da.”

Sonetoak itzultzerakoan, neurria eta errima mantendu ditu Garziak. Estrofari dagokionez, soneto isabelinoaren egitura mantendu du (4/4/4/2): “euskaraz deskantsua hartzen du irakurleak, bukaerako bikoarekin”, eta bertso-lerroak hamaika silabakoak egin ditu, etenik gabeak. Errima ere gorde du itzulpenean, baina ez du uste horrek itzulpena zaildu dionik: “Niretzat errazagoa da. Errimak behartu, bideratu egiten zaitu. Bestela, dena irekita dago. Derrigor bete beharreko zerbait daukazu eta horrek akuilatu egiten zaitu. Gainera, poesiarako oso gauza ederra da errima, logikoki joango ez zinatekeen lekura eramaten zaitu. Kasualitatea da bi hitzek antza izatea, zuk ez duzu hori erabaki eta atera egiten zaitu espero zenuenetik.”

Aingeruak begira
Juan Kruz Igerabidek liburuaren hitzaurrean dioenez, “Shakespeare euskaraz biziberritzea Oihenart biziberritzea ere bada, edo Etxeberri biak, edo Lauaxeta, Lizardi zein Lazarraga, eta are Leizarraga, Aresti nahiz Atsular”. Euskal tradizio literarioaren oihartzunak sarriak dira, izan ere, Garziaren itzulpenean. Euskal idazle klasiko apokrifo bat sortu nahi izan ote du? “Hori ona litzateke. Orain ez gara ausartzen, baina kultura askotan itzulpen lanak literaturan integratzen dira. Alemanez, zer esanik ez. Alemanez, Shakespeare-ren sonetoen itzulpenak bertako literatura dira. Gurean, Axularrenak itzulpenak dira. Orain askoz zailagoa da, baina gurea bezalako kultura batean hortik jo behar dugula uste dut. Atxagaren plagioaren kontu horiek hortik doaz. Argi dago lan hau bertsio bat dela, ez itzulpen filologiko bat, baina horrek ez dio baliorik kentzen.”

Garziak ez du irakurle-mota jakin bat izan buruan itzulpena egitean, baina Soneto hautatuakargitaratutakoan izandako harrerak harritu zuela dio: “jende askok egin zituen iruzkinak, nik uste nuen baino jende askoz gehiagok irakurri zituen, oso jende desberdinak, eta konforme zeuden egindakoarekin. Jende arruntagoak ere irakurri ditu. Lanak ematen ditu, baina posible da.” Egindako itzulpen-lanak irakurle zabalegirik izango ez duela jakitun, anekdota batekin azaltzen du hala ere gisa honetako itzulpenetan jardutearen zentzua: “garai batean katedralak egiten zituzten hargin haietako bat han ari zen ez dakit zenbat ordu sartzen, inondik ikusten ez zen goi aldeko leku batean. Baten batek esan omen zion: «zertan zabiltza hor? Hori ez da inondik ikusten»… Eta hark erantzun zien: «aingeruek dena ikusten dute». Kontua horixe da, egitea, garrantzi ikaragarria balu bezala, ahal den ondoen.”

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu