Toti Martínez de Lezea: “Pertsonaia erreal eta dokumetatu bati hitzak eta sentimenduak jartzea absurdoa da”

0

50 urte zituela hasi zen idazten eta 20 urte hauetan Toti Martinez de Lezeak (Gasteiz, 1949) 55 liburu argitaratu ditu. Badajozera egin du bidaia oraingoan, aurreko mendeko 30eko hamarkadara, Malkoak lur antzuan (Erein) izena duen bere azkeneko eleberriarekin.

Zein izan da zure ibilbidean idazle bezala jaso duzun pozik handiena?
Lehen aldiz nire lehen liburua eskuetan eduki nuenean. Orduz geroztik 20 urte pasatu dira.

Eta betetasun hori errepikatzen da?
Bai, baina lehen aldiz sorpresa bat izan zen. Orain ez. Dena den, ilusio handia izaten dut urtero liburu bakoitzarekin. Lasterketa bat bezala da.

Zure liburuekin jendeak denboran bidaiatzen du. Zein da islatzea gehien gustatzen zaizun garaia?
Denak. Nobela historikoaren ezizena jarri didate, baina nik ez dut historia nobelatzen. Tramak, pertsonaiak, istorioak… nireak dira Naiara Garzia eta nik istorio hauetan nahi dudana ipintzen dut, mende eta leku batean. Historia hor dago, zeren nire pertsonaiek hitz egiten dute, pentsatzen dute, jaten dute eta janzten dira, eta hori ongi adierazteko garai hori nolakoa zen jakin behar dut, ikuspuntu erlijioso, sozial eta politikotik. Hau da, jakin behar dut jendeak zer jaten zuen, pertsonak nola bizi ziren, ohiturak, tradizioak… Horretarako dokumentazio asko irakurri behar dut, baina ez zait gustatzen, esaterako, Waterlooko gudua, hori horrela zuzenean jartzea. Badaude hori kontatzen duten historialariak.

Zure obra nobela historikoaren barruan kokatzearekin, beraz, ez zaude erabat ados?
Batzuetan bai, baina orokorrean ez. Adibidez, Alejandro Magnoren historia nobelatua ez zait interesatzen. Pertsonaia erreal eta dokumentatu bati hitzak eta sentimenduak jartzea absurdoa da; zuk ez dakizu nola pentsatzen zuen pertsona horrek, zer egiten zuen, amodioa nola egiten zuen… Nahiago dut asmatu Alejandro Magnoren morroi bat. Honi nik nahi dudana eginarazi diezaioket, eta bidenabar Alejandro hor nonbait ere egongo da, baina nahiago dut zuzenean herri xehearengana jo, jende normalarengana.

Dokumentazio lana nola egiten duzu?
Etxean liburu asko ditut, 15.000 inguru, Auñamendi entziklopedia osoa, adibidez. Honetaz gain, kontaktua egiten dut historialari batekin edo Bidebarrieta liburutegira joaten naiz. Dena den, hasi nintzenean bai, baina orain ez dut hainbeste behar. Internet ere hor dago, laguntza ona da. Datuak egiaztatu behar dira, baina geografiari edo janariari buruzkoak hor begiratzen ditut.

Zein pertsonaia izan da ondoan denbora gehien izan duzuna?
Denak. Nobela bat idazteko 6 hilabete inguru behar ditut eta denbora horretan nik sortutako pertsonaiekin bizi naiz. Denak ditut gustuko, denak nik asmatu ditut, nireak dira, nire kreaturak.

Badago perfilatzea asko kostatu zaizun pertsonaiaren bat?
Ez, imajinazio asko dut. Horrekin jaio naiz. Eta zaharra naiz, eta horregatik jende asko ezagutu eta ezagutzen dut. Gainera asko irakurri eta irakurtzen dut.

Zein nobela irakurri zenuenean esan zenuen: “horrelako zerbait egin nahi dut”?
Ez zait inoiz gertatu. Bada askotan egiten didaten beste galdera bat: “Ze liburu idaztea gustatuko litzaizuke?”. Nireak. Irakurtzea, liburu asko, baina idaztea, soilik nireak.

Nola hasi zinen idazten?
Apustu bat egin nuen eta idazten hasi nintzen. Bukatu nuenean pentsatu nuen: “posible da”. Eta hasi nintzen bigarrenarekin, hirugarrenarekin… Nire lana utzi eta liburuak idaztea aukeratu nuen. Eta ez naiz damutu. Plazer bat da.

Hainbeste liburu idatzita lehorte garairik izan duzu?
Ez, zeren istorio bat idazten ari naizenean beste bat bururatzen zait; beste istorioak atzetik datoz.

Nur bilduma nola sortu zen?
Gure alaba eta biloba joan ziren Txinara bizitzera. Horregatik hasi nintzen bilduma horrekin, berarentzat ipuin bat idatzi nuen, familia, herria eta lagunak ez ahazteko. 12 urte pasatu dira bilduma honetako lehenengo alea argitaratu nuenetik. Orain nire bilobak 19 urte ditu eta Nur bildumaren 14. zenbakia daukagu. Beste publiko batentzat idazten hastea erraza izan zen eta aldaketa hori egitea buruarentzat ona da.

Idazten ari zarenean oso diziplinatua zara?
Printzipioz arratsaldetan idazten dut. Goizean mezu asko izaten ditut erantzuteko, edo elkarrizketak… normalki 16:00etatik 1:00edo 2:00 arte idazten dut. Afaltzeko soilik gelditzen naiz. Ez dugu telebista asko ikusten. Gure munduan gaude, senarra eta biok: bera bere munduan, ni nirean.

Literaturak zer leku izan behar du gizartean?
Niri gustatuko litzaidake jendeak irakurtzea. Umeek irakurtzen dute, 12 edo 13 urte dituzten arte. Orduan irakurtzeari uzten diote, eta irakurleak direnak berriro irakurtzen hasten dira 18-20 urterekin. Bada adin bat non ez duten irakurtzen. Beharbada da ez diegulako ematen beraiek irakurri nahi dutena, edo ez dugulako idazten haiek irakurri nahi dutena. Ez dakit. Jendeak bereziki 25-30 urtetatik aurrera irakurtzen du.

Non dago arazoa, zure ustez?
Komunikabideetan: gehiegi dauzkagu. Telebistan 80 kate dauzkagu, whatsappak dauzkagu, telefonoak, tabletak, internet… gauza gehiegi dira eta bere denbora eskatzen dute. Mezuei erantzuteak, adibidez, bere denbora darama eta ez da denborarik gelditzen eseri eta lasai irakurtzeko. Baina irakurlea dena, benetan da eta tramankulu horiek erabili arren, irakurtzen du. Niri gustatuko litzaidake irakurtzea hortzak garbitzea bezain gauza normala izatea, gure etxean bezala: liburuak eta musika gure bizitzaren zati bat dira, baina ulertzen dut zaila dela. Ezin da inor irakurtzera behartu, argi dago. Norbanakoaren erabakia da. Nik soilik esan dezaket: irakur ezazu. Badago liburu bat pertsona bakoitzarentzat. Bat gustatzen ez bazaizu, bilatu eta aurkituko duzu.

Kultura arduradunek zer egin beharko lukete?
Gustatuko litzaidake gure herrialdeko kultura arduradunak kulturaz arduratzea eta ez bakarrik sari bat jaso duen izen bat azaltzen denean; baita komunikabideek literatura gehiago jorratzea ere. Azkenaldian, adibidez, emakumezko idazle asko atera dira, gazteak eta idazten jarraitu ahal izateko behar dute jendeak haiek irakurtzea.

Irakurlerik gabe idazlerik ez dago?
Zu oso ona izan arren edo oso ona zarela uste baduzu ere, inork ez bazaitu irakurtzen, neurri batean, denbora galtzen ari zara. Nik 6 edo 8 ordu inguru eskaintzen dizkiot eleberri bati. Nire liburuak inork irakurtzen ez baditu denbora galtzea da. Beste gauza bat da zuretzat tarteka idaztea, baina ogibide bat bezala hartzea ezberdina da eta literatura ogibide bat izateko irakurleak izan behar dituzu, bestela zertatik bizi zara? Literaturatik bizi ahal izateko erabat lanean egon behar zara. Eta horretarako horretara dedikatu behar zara buru-belarri. Literatura ez da ukiezina, etereoa… ez. Gero bada beste arrazoi bat idazten jarraitzeko. Gero eta gehiago idatzi, orduan eta hobeto egiten duzu. Nire lehenengo liburuak jendeak gogoratzen dizkit maitasun handiarekin, baita nik ere, baina orain, estiloari eta hizkuntzari dagokionez, askoz hobeto idazten dut. 20 urte pasatu dira, ez badut ikasten tuntuna naiz. Idazle gazte batek asko idatzi behar du, gelditu gabe. Adinarekin ikasi egiten da. Eta kontatzeko ezer ez daukazunean, utzi egin behar duzu.

Momentu hori irits daiteke?
Irits daiteke, noski. Batzuetan ez daukazu zer kontatu, edo ez duzu gogorik edo denbora falta zaizu… Ni asko entretenitzen naiz idazten dudanarekin, nahiz istorio politak edo tristeak izan… Idaztea gustatzen ez zaidan egunean, edo idazten dudanarekin entretenitzen ez naizen egunean… Ni naiz nire lehenengo irakurlea. Idazten dudan horrekin harritu nahi dut: barre egin, negarra… irakurle bezala nik idazten dudana interesatzen ez zaidan egunean, utziko dut.

Zer izan zen garrantzitsua zure irakurzaletasuna bultzatzeko?
Ni Gasteizen jaio nintzenean ez zegoen telebistarik. Nire etxera nik 14 urte nituenean iritsi zen eta irakurri egiten genuen, nire etxean behinik behin. Milaka liburu irakurri ditut. Guzti horietatik, nobela historikoa, kakotx artean, da gehien gustatzen zaidana, hau da, gure garaia baino lehen gertatzen den nobela.

Zergatik?
Oraingoa badaukagulako: egunkarietan, telebistan, irratian… orduan zertarako irakurri behar dut gaur egungo zerbait? Nahiago dut niri iraganeko zerbait kontatzea, duela gutxi gertatutako iragana izan arren. Nire azkeneko eleberria ere hor kokatzen da. Nire ama bizirik dago eta bera handik pasatu zen. Halere, aldi berean ere nazkatu egiten naiz eleberri horiekin: erromatarrei buruzko eleberri bat irakur dezaket, baina ez nituzke 10 irakurriko. Estiloak aldatzea ere gustuko dut.

Idazle euskaldun berriak ere irakurtzen dituzu.
Bai, irakurri hitz egin baino hobeto egiten dut euskaraz. Nik euskara bakarrik ikasi nuen. Baserri batera joan nintzen Alkizara 17 urterekin eta gizon zahar batekin egon nintzen 9 hilabetez, irratia entzuten. Hiztegi batekin irakurtzen hasi nintzen eta apaizarekin gramatika pixka bat ikasi nuen. Alemaniara joan eta ezkondu nintzen, handik Frantziara eta itzuli ginenean nahi genuen herri euskaldun bat, etxe zahar bat eta lorategi bat, eta hori Larrabetzun aurkitu genuen. Ni gaztea nintzenean ez zegoen euskaltegirik, ezta ikastolarik ere. Orain bai, baina ez dut edaderik, denborarik edo pazientziarik euskaltegi batera joateko. Eta nola ikasi dudan euskaraz? Etxean irakurtzen. Idazle berriek nola idazten duten ikustea gustatzen zait. Gogoan dut duela 45 urte Durangoko azokan 4 mahai izaten zirela eliz atarian. Azken urteetan asko argitaratzen da, eta niretzako hori plazer handi bat da.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu