Iban Zaldua: “Ipuinak izan behar du labana bat; Albaceteko aizto handi bat ala multi-erabilera suitzar fina, baina zorrotza beti”

0

Tamagotchi sorgindu bat, neskato mendekuzale baten eskuetan; Wikipediaren bidez, edonoren heriotza eragin dezakeen internauta; etorkizunaren ‘flash-forward’ bat izan ostean, mutiko bat ez salbatzea erabakitzen duen gizona; etorkizun hurbil bateko Donostia turistikoa; bizikleta beste norbaiten katearekin lotuta aurkitzen duen gizona; kasualitate hutsez atxilotua izatetik libratu zen etakidea… Kutun duen generora itzuli da Iban Zaldua, “Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak” (Elkar, 2018) ipuin liburuaren eskutik. Kontakizun laburrak, zuzenak eta, txokolate beltzezko likoredun bonboien gisara, irakurlearen aho-sabaian zapore gazi-gozoa uzten dutenak.

“Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak”. Zer adierazi nahi izan duzu izenburu horrekin?
Alde batetik, honakoa ipuin bilduma bat da, eta zaila da ipuin guztien espiritua bilduko duen izenburu bat aurkitzea. Ez dago hari orokor bat, eta iruditu zitzaidan, neurri batean, sekretuak direla ipuinetako asko lotzen dituen elementua: kontatzen direnak, kontatzen ez direnak, hor azpian daudenak, min eman eta errealitatea higatzen dutenak… Bestalde, fikzioaz ere gogoeta egin nahi izan dut. Ni fikzioaren defendatzaile sutsua naiz, eta kezkatuta nago literaturan ikusten ditudan joera batzuekin; errealitatea eta fikzioa nahastearen ingurukoak, batez ere. Hortaz, izenburua aldarrikapen bat ere bada: batzuetan, egia handiagoak esan ditzakegu, bai besteei baita geure buruari ere, horretarako fikzioa erabilita, ezen ez errealitatea kontatzen ari garela sinetsita. Literaturarekin errealitate hutsa islatzen ari dela sinesten duena bere burua engainatzen ari da.

Zenbait autore ezagunen aipuak ere jaso dituzu liburuaren aitzineko nahiz gibeleko orrietan: Virginia Woolf, William Faulkner, Joan Miquel Oliver… Fikzioaren gaineko gogoeta horretan sakontzeko aukeratu dituzu?
Bai, horixe bera. Lehen aipatu dizudan ildo berean. Nire ustez, idazlearen eta irakurleen arteko itun bat dago fikzio lanetan; eta oso bestelako bat, biografietan, historia liburuetan edota kazetaritza lanetan. Azken horrek ardatz gisa du, nolabait, objektibotasunera hurbiltzeko ahalegina. Fikzioak, ez. Gaur egun, dena nahasten da, eta horrek ituna apurtzen du. Irakurle gisa, nahiko deskolokatuta sentiarazten nau horrek. Horregatik, fikzio puruaren aldeko aldarria egin dut. Ez da liburu honetako kontua bakarrik, baina oraingoan are argiagoa eta zuzenagoa da.

Azala ere argia eta zuzena da: laban sorta bat, irakurlea ziztatzeko prest. Irudi indartsua da.
Bai, metafora ‘zaharruno’ eta higatu samarra da, baina…

Liburu honetarako, bederen, oso egokia iruditzen zait niri.
Bai, agian zu ere, ni bezala, zahartzen ari zaren seinale, kar, kar. Tira, azal horrekin, metaforen erabilera gehiegizkoa egin nuen, baina niri gustatzen zaidan ipuin estiloa horixe da: laban baten antzera sartzen dena. Ipuinek zorrotzak izan behar dute beti. Labankada izango da handiagoa ala txikiagoa, Albaceteko aizto handi batek egina ala Suitzako laban multi-erabilera horietako baten gailurik txikienak egin dezakeena, baina beti utzi behar du marka. Eta marka hori ziztada, mozketa edo zuloa den, ipuinaren araberakoa izango da. Askotariko ipuinak bildu ditut liburuan, sukalde batean askotariko labanak dauden bezala. Denek mozten dute, ordea. Ez dira gurina zabaltzeko erabiltzen diren laban kamuts eta borobildu horiek bezalakoak.

Liburuaren aurkezpenean, Aitor Arregik esan zuen zure estiloa “zinematografikoa” zela. Hala uste duzu zuk ere?
Ez dut inoiz pentsatu, baina poztu ninduen Aitor Arregiri hori entzun izanak. Nik, dena den, desberdinduko nituzke literaturaren izaera bisuala eta izaera zinematografikoa. Nire idazkera eta nire fikzioa, adibidez, ez dira batere bisualak, baina bisualtasun horrez gainera, “zinematografiko” hitzak beste inplikazio batzuk ditu: istorio bat gailendu behar da, irudien gainetik. Agian horri egiten zion erreferentzia Aitorrek. Finean, nirea da telebistarekin, zinemarekin eta komikiekin hazi den belaunaldi bat. Eta, derrigorrez, nire hezkuntza sentimentalaren parte bihurtu dira horiek guztiak.

Ipuin askotan, egunerokotasuna eta errealitatea deskribatzen dituzu, baina ezohiko elementuren bat txertatuta. Hori izan daiteke bilduma honen ezaugarrietako bat?
Tira, hori egia da ipuin batzuen kasuan, baina ez guztietan. Nik uko egin diot jada bilduma honetan batasun tematikoa edo estilistikoa bilatzeari. Beste liburu batzuetan saiatu izan naiz ipuinak atalka antolatzen: “Inon ez, inoiz ez” liburuan, adibidez, badago taldekatze hori; eta “Biodiskografiak” argi dago gai zehatz baten inguruan eraikitako liburua dela. Kasu horretan, diskoen eta musikaren hariarekin josita zeuden ipuin guztiak. “Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak” ezberdina da. Oraingoan, ipuin bilduma peto bat egin nahi izan dut. Badira nire ibilbide osoan errepikatzen diren obsesioak, gaiak, teknikak… Baina, oro har, liburu honetan askotariko ipuinak bildu ditudala uste dut.

Nabaria da, hala ere, zientzia fikzioaren eta fantastikoaren eragina, ezta?
Bai, baina nire literaturaren ezaugarri bat da, hasieratik beretik. 15-16 urterekin idazten hasi nintzenean, genero ipuinak idazten nituen fanatiko baten moduan. Generoko idazlea izan nahi nuen. Urteekin, bide hori abandonatu nuen, baina azaleratu egiten da noiz edo noiz. Zientzia-fikzioa oso tresna eraginkorra iruditzen zait, gainera, gaur egungo gizarteaz hitz egiteko. Gauzak hain doaz bizkor, ezen zientzia-fikzioa baita presentismoa edo literatura garaikidea egiteko modurik onena. Literaturan, oraindik orain, badaude zientzia-fikzioaren eta fantastikoaren kontrako aurreiritziak. Askok ez dute genero serio gisa ikusten. Ikus-entzunezkoetan, ordea, ez da halakorik gertatzen: telebistan, nekez aurkituko dugu “Black Mirror” baino ospe handiagoko saiorik. Bada, nik parametro horietan kokatzen dut nire ahalegina.

Literaturan, oro har, badago generoetatik ihes egiteko nahi bat…
Bai, baina genero guztiek ez dute fama bera. Genero beltzak, esate baterako, nolabaiteko estatusa lortu du denborarekin. Are, egile kontsagratu eta mainstream-ek ez diote uko egiten, noizean behin, genero beltzeko ezaugarriak dituen eleberri bat argitaratzeari. Egia da gero eta gehiago direla zientzia-fikzioaren elementuak erabiltzen dituzten egile famatuak ere: Margaret Atwood edo Kazuo Ishiguro, besteak beste. Baina, oro har, zientzia-fikzioak ez dauka nobela beltzak duen izen ona. Euskal Herrian ere, nork ez du idatzi literatura beltzaren trazak dituen nobela bat? Harrigarria da bi azpi-genero horien jatorria pulp literaturan dagoen arren, batak prestigio handia lortu duela, eta besteak ez. Nik aldarrikatu nahi dut zientzia-fikzioa oso genero serioa eta baliotsua izan daitekeela eta, areago, gaur egungo literatura ezin dela ulertu Philip K. Dicken gisako autoreak aintzat hartu gabe. Haren eragina antzeman dezakegu, esaterako, Michel Houellebecq edota Roberto Bolañoren literaturan.

Formatuari dagokionez, saiakerak eta eleberriak argitaratu izan dituzu, baina argi dago ipuina dela zure genero kutuna. Erosoago sentitzen zara formatu horrekin, besteekin baino?
Erosoago sentitzen naiz gehiago praktikatu dudalako, ez beste ezerengatik. Eta are gehiago praktikatu behar dut, hobetzeko tarte handia dudalako. Hori da perfekziorako bidea. Alegia, ez dut idazten erosotasunaren perspektibatik. Forma laburrak erronka bat planteatzen dit, eta ez da batzuek pentsa dezaketena bezain erraza. Nobelari ez diot uko egin nahi eta, seguruenik, noizbait itzuliko naiz horretara, baina oso genero ezberdinak dira. Gainera, nahikoa frogatuta daukat, salbuespenak salbuespen, genero batean ona den idazlea ez dela hain ona bestean. Nobelista petoei eskatzen zaienean ipuin bat idazteko, aldizkari edo egunkari baterako, nabari da. Eta alderantziz ere bai, e! Baina ipuinlariok, normalean, ez dugu arazo hori izaten, zorionez, enkarguzko nobelak askoz urriagoak direlako. Gerta daiteke, hala ere, guk geuk hartzea eleberriaren bidea, idazle titulua lortzeko ordaindu beharreko bidesaria delakoan. Eta hori bai dela tristea. Derrigortasun horren oso kontra nago. Nik ipuinak idazten ditut hori izan delako nire eskola, irakurle bezala erakartzen nautelako, eta iruditzen zaidalako badagoela oraindik hobekuntzarako tartea. Horregatik, ipuinak idaztea erosoago zaidan galdetzen badidazu… ‘erosotasun’ hitza ez nuke aipatuko ere. Susmagarria egiten zait.

Arrazoi osoa duzu. Gaizki formulatutako galdera izan da, barkatu. Badirudi ipuinak idazten dituen idazleak beti justifikatu behar duela bere burua…
Bada, bai, oso ohikoa da, erabat barneratuta dugulako ideia hori. Nobelagileari ez zaio inoiz galdetuko ea zergatik ez dituen ipuinak idazten, naturalizatuta dugulako. Eta nik natural edo normaltzat dudana, hain zuzen, ipuinak idaztea eta irakurtzea da. Eleberriak ere irakurtzen ditut, noski, gizartean ere horren aldeko jarrera existitzen delako. Jendeak, oro har, nahiago du eleberriak irakurri, eta errazago suertatzen zaio horiek lagunekin komentatzea fruta dendako ilaran edo beste edonon. Hortaz, nik ere egiten dut; baina, tira, uharte bakartu batean egongo banintz, lasai biziraun nezake ipuin liburuekin soilik.

Teknikaren eta planteamenduaren aldetik ere, oso genero ezberdinak dira ipuina eta eleberria. Nola heltzen diozu ipuin baten idazketa prozesuari?
Literaturak zerikusia du murgiltzearekin, idazkeraren ekintza horretan sartzearekin. Idaztea, finean, obsesionatzea da, eta, nobela bat edo ipuin bat idazten ari zaren, obsesio hori kudeatzeko modua oso ezberdina da. Nobela batek exijitzen dizu hilabeteetako murgiltzea; ipuin bat idazteko, aldiz, murgiltze hori egin beharko duzu askoz azkarrago. Ipuin bat ez baduzu idatzi lau edo bost hilabeteren buruan, utz ezazu, ez baitu funtzionatuko. Denboraren kudeaketaren ikuspegitik, behintzat, badago aldea. Gero, ipuina bukatu ostean, tiraderan gordetzen dut, besteekin. Edo, hobe esanda, karpeta birtual batean, ordenagailuaren disko gogorrean. Eta kontent utzi nauten ipuinen kopuru handi samarra dudanean, orduan hasten naiz ipuin-liburuari forma ematen.

Iruzkina idatzi

avatar

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

  Subscribe  
Harpidetu